XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zinema ozenak filmatzeko eta jokatzeko moldeak irauli zituen.

Eman beharreko iduri-informazioa murriztu egin zen, ozenean ez baita beharrezkoa lurrina ikustea zipotz-zulotik jalgika trenak fistu jo duela jakin dezagun.

Hitzak debaldekoak bilakatu zituen sentimenduen adierazpen larriak, eta anitz eszena elipsian ulertzen hasi ziren, solasak argituko baitzuen idurien arteko joskeraren zailtasuna.

Honek narrakeraren arintzea ekarri zuen, muntaia edo osaketaren garrantzia handiagotu egin zen.

Ahotsa, ordura arte ezertarako erabiltzen ez zena, baliagarri funtsezkoa bilakatu zen aktoretzan.

Mikrofonoa eta ozengailua sortu baino lehenagoko bertsolari eztarri-ahula balitz bezala, Douglas Fairbanks, aurkintza exotikoetan gertatu beharreko mentura guztietako heroia, gainditua eta egokiezina gelditu zen zinema sinkronizatuan...

Bertzalde, ozena sortu eta handik ez luzera, Charles Chaplinek, zinema mutuaren defendatzaile amorratua izan arren, City Lights filmatzen du 1931n, teknika berrian.

Kritiko edo irizlari zonbaitek antzerkiaren antza sobera hartzen badiete ere zinema ozenaren lehen emaitzei, mutuaren eta mintzatuaren elkar bizitza oso laburra izanen da hain industrializatua dagoen artegintzan.

Berehala datoz musikalak, eta hauek iduriaren eta soinuaren sinkronizazioaren erabateko garaipena ezarriko dute.

Ez noiztenkako porrotik gabe...

Arana kondea, igandero bezala, bere zineman dago, egun Miguelón ikusten. 42 Miguelón o el último contrabandista. Adolfo Aznarrek egina 1933an. Ekoizpena INDEXena, Madril. Egun galdutzat ematen den filmea da.

Filmea gaizki sinkronizatua dago eta mozketa ugari ditu, ozta entzuten ahal dira kantak.

Ikusleria herria beti zerri emanaldiaren kaskarraz baliatzen da kondeari aspaldiko ordainak emateko.

Errepublikan gaude, aro gaiztoa konde batendako.

Aulkiak hautsi, gortinak urratu, oihalari su emateko saioak.

Kondearen lorazain-proiekzionistak eten egiten du emanaldia, jalgi da eszenatokira eta, belauniko, pantaila ez hondatzeko eskatzen du, garestia omen da eta.

Arana kondea, parlamentarismoari fede gutiago edukirik, txapelokerrak hartzen ditu morroi.

Bazter nahasleak fusilorpo kolpeka izan ziren kanporatuak...43 Datu hauek, eta Gernikari buruzko gainerakoak, ALDABA aldizkaritik hartuak daude. Gernika-Lumoko aldizkaria 76 zbk. Uztaila-abuztua, 1995.

Josteko makina zinemaren estreinako kantariarekin lotu baldin badugu, gure Anteron txamarrotia ezagunaren aldaera ugarietarik bat ekartzea ere ez legoke hain itsusi:

Anteron txamarrotia
Singerren bibotia